GureManifestua
Bizitako esperientzia da eraldaketaren erdigunea. Gure printzipioak:
Poza eskubide bat da: ondo bizi eta gozatu nahi dugu, baita minbiziarekin ere.
- Laguntza onkologikoaren helburua ez da bakarrik gaixotasuna tratatzea. Kontuan izan behar du ere pertsonen bizitza-kalitatea, eta zaindu egin behar du. Laguntzeak esan nahi du pazientearen ondoan egotea prozesu osoan, eta harekin hurbiltasunez eta gizalegez jokatzea.
- Minbizia duten pertsonek eskubidea dute bizitza betea eta ahalik eta egokiena izateko, gaixotasunaren prozesu osoan, baita bizialdiaren amaieran ere.
- Osasuna eta ohitura osasungarriak sustatzeak on egiten dio gizarte osoari, minbizia izan ala ez.
Ondo ez egoteko eskubidea dugu.
- Minbiziaren ibilbidea ez da ez lineala ez aurresangarria. Ziurgabetasunak, une zailak eta isiltasunak dituen prozesu bat da, eta arreta jarri behar da ere horietan, eta zaindu.
- Ondoez, ziurgabe eta hauskor sentitzen den pertsonak laguntza behar du, baita urgentzia medikorik ez dagoenean ere. Garrantzitsua da leku eta giro seguruak sortzea, pertsonek nola sentitzen diren azaldu eta laguntza eskatzeko modua izan dezaten, besteen judiziorik eta presarik gabe.
- Prozesua hasten da susmoa dagoen une berean, ez diagnostikoa jasotzen denean, eta tratamendu-amaieratik harago luzatzen da. Zaintzak ez du etenik izan behar eta pertsona bakoitzari lagundu behar zaio, haren beharren arabera.
Minbiziak guztiok interpelatzen gaitu, eta guztion ardura da.
- Minbizia arazo medikoa baino askoz gehiago da. Gizarte-, komunitate- eta eguneroko bizitzan ere eragiten du; horregatik, zaintzak gizarte osoa inplikatu behar du, ez osasun-sistema bakarrik.
- Laguntza eraiki behar da elkarlanean, bereziki entzunez gaixotasuna lehen pertsonan bizi dutenei eta haien ingurukoei. Haien esperientziak funtsezkoak dira era bidezkoagoan eta humanoagoan erantzuteko.
- Minbizian, beharrezkoa da ere lan-, hezkuntza- eta gizarte-ingurune ulkerkorragoak eraikitzea, baztertu gabe lagunduko duten sare eta babesen bitartez.
- Paziente gisa dugun esperientzia ere jakintza da: kontuan hartu behar da erabakiak hartzean eta politikak egitean.
Eskubidea dugu ezagutzan oinarrituta ulertzeko eta erabakitzeko.
- Pertsona guztiok dugu eskubidea informazio argia, fidagarria eta erabilgarria izateko, zer gertatzen ari zaigun ulertu eta erabakiak lasai hartzeko.
- Konfiantzazko zubiak behar ditugu, osasun-arloaren eta arlo sozialaren artean. Ezagutza egiazki erabilgarria izango bada, konektatu, lagundu eta ekiteko aukera eman behar du.
- Ezagutzak pertsona guztien eskura egon behar du, bizilekua, trebetasun digitalak edo egoera ekonomikoa gorabehera. Ekitatea funtsezkoa da benetako zaintza baterako.
Gure ibilbide onkologikoaren protagonistak izan nahi dugu.
- Minbizia duen pertsonak autonomia izan behar du gaixotasunaren prozesuan, eta haren erabakiak eta beharrak errespetatuko dituen laguntza jaso behar du.
- Arreta eta zaintza eskaini egin behar dira, baina ez inposatu. Laguntzeak esan nahi du ere pertsona bakoitzaren intimitatea eta duintasuna errespetatzea, esperientzia nola bizi eta partekatu nahi duen, behin gaixotasuna gaindituta ahaztua izateko eskubidea barne.
- Autonomia hori benetakoa izan dadin, eskura izan behar dira era ekitatibo batean beharrezko baliabideak eta laguntzak, kontuan izanik, ez bakarrik alderdi fisikoa edo ekonomikoa, baita emozionala, kulturala eta soziala ere.
Egizu bat gurekin
Azaldu nahi dizkiguzu minbiziarekin bizitzeari buruzko zure esperientzia eta ikuspegia?
Ezagutu nahi dituzu minbizia bizi duten pertsonei emandako laguntza hobetzeko ekimenak?
Erabili nahi dituzu zure denbora eta ezagutza Euskadin minbizia duten pertsonei laguntzeko modua eraldatzeko?
Gustatuko litzaizuke zure erakundeak aldaketa horretan parte hartzea?
Horrela bada, jar zaitez harremanetan gurekin. Gustura hitz egingo dugu zurekin!
Parte hartu