BIZI-ON zer den ulertzeko modurik onena da zer egiten dugun jakitea.
BIZI ON foku taldeak Minbizia duten pertsonen behar psikologikoak, fisikoak eta nutrizionalak identifikatzea.
EHUren eta Bizkaiko Galdakao-Usansolo ospitalearen azterlan kualitatiboa, minbiziak erasandako pertsonen —pazienteak, senideak eta profesionalak— behar psikologikoak, fisikoak eta nutrizionalak ulertzeko, pertsona erdigunean jarriko duten etorkizuneko erantzunak eta esku-hartzeak bideratze aldera.
Minbizia duten pertsonentzako ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua.
Minbizia duten pertsonentzako ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatuaren pilotua, EHUk Leioako Udalaren eta Bizkaiko Uribe ESIren laguntzaz eginikoa. Lehen esperientziaren ondoren, asmoa da egitasmoa Euskadiko beste udalerri batzuetara zabaltzea, Osakidetzaren, Mugiment planaren eta udalen arteko elkarlanaren bidez.
Bizitza aktibora itzultzea behin minbizia gaindituta
EHUrekin eta Iñurri elkartearekin batera abian jarritako programa, minbizia duten edo gaixotasuna gainditu duten pertsonak bizitza aktibora itzuli, berriro lanean hasi eta bizitza pertsonala eta soziala berreskura dezaten. Programaren barruan sartzen da protokoloak eta ibilbide malguak sortzea, kokreazio bidez, erakunde enplegatzaileekin eta erasandako pertsonekin batera, lanera pixkanaka itzultzeko, modu egoki eta eramangarrian, hainbat lan-egoera kontuan hartuta.
Kokreazio-workshopak
Bilbon eta Donostian eginiko kokreazio-workshopetan, osasun-arloko, ikerketa zientifikoko, hainbat elkartetako eta minbizia izan duten 40 lagunetik gora bildu ziren, jakintzak partekatu, erronka komunak identifikatu eta ekiteko aukera zehatzak zehazteko.
Minbizira egokitutako elikadura-gidak
EHUko ikertaldeak, osasun-arloko profesionalak eta Bioarabako adituak lanean ari dira minbiziaren eta bizitzaren etapetara egokitutako elikadura-gidak sortzen. Gidek proposatuko dituzte pauta dietetikoak, dieta bereziak, osagarriak, menuak eta errezetak, eta, gainera, zaintzaileentzako gomendioak eta mitoei eskainitako atal bat.
Intouch: berdinen arteko laguntza bularreko minbiziaren diagnostikoaren ondoren.
EHUk eta Donostia ospitaleak berdinen arteko laguntzaren ikuspegitik garatutako programa, harremanetan jartzeko bularreko minbizia izan duten emakumeak eta diagnostikoa jaso berri dutenak, batzuek besteei laguntza eta esperientzia eskain diezaieten, une bereziki gogor batean. Kontuan hartzen da ikuspegi psikologikoa eta ikuspegi horrek ongizatean eta prozesuarekiko egokitzapenean duen inpaktuaren ebaluazioa. Gaur egun, lanean ari dira minbizia duen pazientea gehi zaintzailea bikoteekin. Helburua da hobeto egokitzea diagnostikora eta gaixotasunaren prozesura, kontuan hartuta pazientearen eta zaintzailearen ongizate emozionala.
m-SERENA: osagai anitzeko laguntza-programa digitala
Garapenean dagoen EHUko ikertaldeen osagai anitzeko laguntza-programa digitala, minbizia duten pertsonentzat, haien ongizatea eta bizitza-kalitatea hobetzeko. Barne hartzen ditu esku-hartze psikosozialak eta bizitza-estiloaren alorrekoak, eta laguntza pertsonalizatua, irisgarria eta eskalagarria eskaini nahi du, ebidentzia zientifikoan oinarrituta.
Minbizia ikuspegi salutogenikotik aztertzea: osasuna eta ongizatea babesteko eta sustatzeko faktoreak ulertuta.
EHUren eta Galdakao ospitalearen ikerketa-proiektua, ikuspegi salutogenikotik aztertzeko minbizia duten pertsonen osasuna eta ongizatea sustatzen dituzten faktore psikologikoak, sozialak, jokabide-alorrekoak eta testuingurukoak, diagnostikotik hasi eta hurrengo bederatzi hilabeteetan. Helburua da ezagutza sortzea, etorkizuneko esku-hartze integratzaile eta multidiziplinarra zehazteko, pertsona erdigunean jarririk eta arreta soziosanitarioko eredu holistiko baten bidez.
Azaldu nahi dizkiguzu minbiziarekin bizitzeari buruzko zure esperientzia eta ikuspegia?
Ezagutu nahi dituzu minbizia bizi duten pertsonei emandako laguntza hobetzeko ekimenak?
Erabili nahi dituzu zure denbora eta ezagutza Euskadin minbizia duten pertsonei laguntzeko modua eraldatzeko?
Gustatuko litzaizuke zure erakundeak aldaketa horretan parte hartzea?
Horrela bada, jar zaitez harremanetan gurekin. Gustura hitz egingo dugu zurekin!
Parte hartu